Basté Quieta eskolaren obrak aitzina doaz, uste bezala.

Urriaren 22an, Basté-Quieta ikastetxeko obren bisita bat antolatua izan da, obren aitzinamendua aztertzeko. Kari horretara, Alain Iriart auzapezak, zenbait hautetsik, Daniel Lombard proiektuaren ardura duen arkitektoak, Céline Goyenetche Basté-Quieta ikastetxeko irakasleak eta pedagogia taldearen ordezkariak, Olivier Mioque zuzendariak, gurasoen ordezkari batek eta proiektuaren ardura duten teknikariek obrak eta zaharberritzeak ikusi eta eztabaidatu dituzte, 2024ko Omiasainduko oporren ondotik bukatuak izan behar zirelarik.

Zenbait obra egin behar dira oraino; urraska eginak izanen dira 2025eko iraileko sartzea aitzin.

Aldaketak Omiasainduko sartzetik aitzina

“Obrak behar bezala aitzina doaz”, laburbildu du Alain Iriartek. Omiasainduko sartzerako, zaharberritutako zenbait gune izanen dira ikasle eta irakasleen esku; ama eskolaren aldetik, handitua izan da ikasgela berri baten sortzearekin. Ohetegia berrantolatua izan da, joko gela berritua eta kanpoko isolamendua azkartua.

Lehen mailako ikastetxearen aldetik, bi ikasgela gehituak izan dira, bata beherean, bestea solairuan. Aterpe berri bat bukatua izanen da laster eta barneko erabilera anitzeko gela guztiz zaharberritua izanen da.

 

Urrats desberdinak

Joan den maiatzean hasitako obrak aitzina doaz urraska. Irailean aterpea bukatua izan da harrabotsa eztitzeko eta gorputz ariketak egiteko zola batekin. Komunak ere berrituak izan dira, horietako bi MUPei helgarri.

“Ikastetxea 1960-70eko hamarkadakoa denez, arkitektura modernoagoa behar zen, euskal tradizioko arkitektura kutsu bat ere gehituz, lehen horrela ez zelarik” azpimarratu du Daniel Lombard arkitektoak.

Orduan, aldaketen artean, jostalekua handitua eta berdindua izan da, eta laster landareztatua izanen da; pilota plaza bat ere izanen da kanpoko gunea bizkortzeko eta helgarriago egiteko.

Hemendik 2025eko udara, ondoko urratsak beste ikasgelen berritzean eta eskolako jantegiko berritzean dautza. Obrak ikasturte osoan zehar eginak izanen dira, irakasleekin adosturik, klaseak behar bezala eramateko xedez.

Trantsizio ekologikoa proiektuaren bihotzean

Basté-Quieta ikastetxeko zaharberritzeak trantsizio ekologikoko erronkak barne hartzen ditu guztiz.

Ikasgeletako zolak linoliokoak dira, jatorri biologikoko edo mineraleko ekaiez osaturik %98an. Paretak jatorri biologikoko ekaiez bikoiztuak dira (zur zuntza) isolamendua azkartzeko eta 4.308ko erresistentzia termikora heltzeko.

Baiona eta Hiriburuko hiriek garatzen duten Hiriko Berokuntza Sareari lotua izan daiteke laster, gaur egun gas galdaraz hornitua delarik.

Isolamendu, haizeztatze eta argien edo leihoen zaharberritze lanek energia gutiago kontsumitzeko helburua dute eta diru gutiago xahutzeko bidea eskainiko dute. Energia mailako irabazia %74koa izan beharko litzateke, hots 143 672 kWh urtean, 20 328€ baztertzea ahalbidetuz urtean. Berotegi efektuzko gasen isuriak murriztea 29 757 kg CO2 heinekoa izan beharko litzateke.

Azkenik, berriz landaretzeko proiektu bat aribidean da, zuhaitzak eta ur eta arta guti eskatzen duten zuhaixkak landatuak izanen direlarik datorren urtarrilean.

Bestalde, ama eskolako ikasleek korralean antolatzen ari diren baratze bat baliatzen ahalko dute.

Bizikleta aparkaleku bat ere jartzen ari dira mugikortasun eztia sustatzeko.

Haur bakoitzari kalitatezko hezkuntza ingurune bat eskaintzeko hiriak duen xedea erakusten dute obra horiek, funtsezko trantsizio ekologiko urraspidean guztiz sartuz.