« Euskara ene gisara », helduak euskalduntzera sustatzeko komunikazio kanpaina

Helduak euskara ikastera edo hobetzera bultzatzeko komunikazio kanpaina bat abiatu dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Hirigune Elkargoak.

Euskara ikasteko eskaintza aberatsa da lurraldean, bakoitzari egokitutako konponbideak proposatzen dituzten erakundeei esker: arratseko kurtsoak, ikastaldiak, hizkuntza egonaldiak, lanbide heziketa.

“Euskara ene gisara” lelopean, Euskal Elkargoak eta Euskararen Erakunde Publikoak pertsona berriak euskara ikastera gonbidatu nahi dituzte Iparraldean dagoen eskaintza aurkeztuz. Horregatik, informazio praktiko guzia (formakuntza erakundeak, izen emaite estekak) webgune batean bildu dituzte: www.japprendslebasque.com

 Euskal musikaz zaletzea, bere haurrari ipuinak irakurtzen menturatzea, ezagutza berriak egin nahi izatea… kanpaina honek, ikasteko motibazioak anitzak direla eta bakoitzaren baitan oihartzuna ezberdina dela erakusten du.

 

Indartu beharreko dinamika

Helduek euskara ikastea funtsezko erronka da hizkuntzaren biziberritzea bermatzeko. Gaur egun hiztun kopurua 51.500ekoa da; belaunaldi gazteen artean hizkuntza berreskuratzeak erakusten du zer-nolako arrakasta izan duen botere publiko guziek gizarte zibilarekin harreman estuan egindako hizkuntza politikak. Milaka pertsona biltzen dituzten Korrika edo Herri Urrats ekimenak arrakasta honen lekuko dira.

Hala ere, lurraldearen garapen demografikoak (2050ean, 44.100 pertsona gehiago aurreikusten dira) eta biztanleriaren zahartzeak, euskararen espazioen murriztea ekar lezakete, Atlantikoko eta Pirinioetako Hirigintza Agentziaren proiekzioen arabera. Testuinguru honetan, hizkuntza politika boluntarista batek inoiz baino gaurkotasun handiagoa du.

Euskara egunerokoan biziarazi

Helduen euskalduntze prozesua laguntzea, euskara egunerokoan eta bereziki zerbitzu publikoetan biziaraztea da ere. Hari hortarik, Euskal Elkargoak hizkuntza politikia obratzen segitzen du, euskararen presentzia azkartuz bere haurtzaindegi, aisialdi zentro edo mugikortasun zerbitzuetan adibidez.