Harriola Mendekotasuna duten Adineko Pertsonen Ostatalekuak 20 urte bete zituen joan!

Harriola Mendekotasuna duten Adineko Pertsonen Ostatalekuak 20 urte bete zituen joan diren irailaren 27an! Duela bi hamarkadatik adineko pertsonak eta beren familiak laguntzen ditu bizi eremu atsegin eta goxo batean

 

Emozioz eta historiaz beteriko hitz hartzeak

«Herriko plaza» izena duen Harriolako harreran egin zuten Hiriburuko zahar etxe honen 20. urteurrenaren ospakizuna. Familia-giroan iragan zen, egoiliarren, familien eta langileen parte hartzearekin.

Jean-Denis Save ADAPA elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza lehenik, emozio handiz, bereziki langileek eta zaintzaileek egunero egiten duten lana eskertzeko. Ondotik, familiak ere eskertu zituen, baita laguntzaileak, partaideak eta tokiko kolektibitateak ere, ezinbestekoa den sostengua emateagatik.

«Egitura hau sortzea anbizio handiko proiektua izan zen: besteen meneko diren adineko jendeei gune seguru eta goxo bat proposatzea, non beren duintasuna errespetatzen den. Gaur egun, 20 urte berantago, baiezta dezakegu engaiamendu hori bete dugula eta jakin dugula, denborarekin, etxe hau bakezko leku bilakatzen maite ditugun pertsona horientzat.»

Ondotik, Koldo Roblès-Aranguiz ADAPA elkarteko lehendakariak hartu zuen hitza eta establimenduaren historia kontatu zuen.

Izan ere, Harriola 2004an ireki bazen ere, 1998an hasi ziren lehen gogoetak adineko pertsonen errezibitzeko eremu baten sortzearen inguruan. Dosierrak pisuak ziren eta hainbat solaskide konbentzitu behar izan ziren, baina Alexandre Doyhénarten inguruko lan-talde txiki baten gogo biziari esker lortu zen proiektua gorpuzten eta eraikina Etxerruti eremuan altxatzen.

Garai hartako herriko kontseiluaren eta Pierre Mendiboure auzapezaren borondateari esker, lankidetza eder bat hasi zen ADAPA elkartearekin (lehen ABAPA zena). Zerbitzua 2004an ireki zen: zahar etxeko 48 tokiekin eta bizitegi autonomoko 15 tokiekin.

«Hogei urteko giza abentura aberatsa izan da. Adineko 500 pertsona baino gehiago errezibitu dituzte gure lankideek eta maitasunez oroitzen ditugu gaur. Harrotasun handia da beren bizitzaren parte bat gurekin partekatu izana.»

Fanny Serveille Harriolako zuzendariak egoiliarrak eskertu ditu, «etxearen bihotza direlako», familiak, beren konfiantza eta onginahiagatik, langile guziak, zailtasunak zailtasun egunero duten engaiamenduagatik, eta azkenik, ADAPAko kideak eta Hiriburuko herriko etxea.

«Gaur 20 urte betetzen ditugu, baina etorkizunari begiratu nahi diogu. Gure eginkizuna ez da aldatu: egoiliarrei bizi eremu atsegin eta segurua eskaini nahi diegu, gizatasunezkoa.»

Alain Iriart auzapezak egin zuen azken hitzartzea eta zuzendaritzaren eta langileen azken 20 urteetako lana txalotu zuen. Gainera, Harriolako lehen administratzaileetarik bat izan zen Francine Duplassorekin, Pierre Pedrosarekin, Douat medikuarekin eta Michel Latappyrekin batera. 2001ean lehen aldiz hautatua izan zelarik bere lekua utzi zion Pierre Fordini, eta azken honek administratzaile lanetan segitzen du Harriolan, inplikazio handiarekin.

Besta bat denentzat

Harriolako jangelako langileek koktela prestatu zuten eta akordeoilari baten doinuek alaitu zuten giroa. Eta erretira etxeko 73 egoiliarrek jaki on hauetaz gozatzeko aukera izan zuten (hauen testura egoiliarren beharretara egokitua izan zen). Hogeigarren urtebetetze honen bururatzeko, artatzaileek egoiliarrak dantzarazi zituzten akordeoiaren soinuan. Gizaldien arteko harremanaldi hunkigarria, ospakizun eder honen bururatzeko.