Eliza Baionako elizbarrutian San Petriri emanak diren hirurogeita hamahiru elizetako bat da eta ez da argi noiz eraiki zuten. Iruber parrokia 1249. urtean ageri da Nafarroaren Artxiboetan; kapera bat zuen, hain segur. Baionaren agintari talde nagusiaren 1482ko urriaren 2ko deliberamendu batek azaltzen digu bazela eliza bat Hiriburun.
Behin eta berriz aipatua da XVII. mendeko artxiboetan. Lan anitz eta batzuetan handiak egin zitzaizkion XVIII. mendean, eraikinaren itxura nabarmen aldatzeraino. Iraultza eta gero, eliza hondaturik zela aipatu zuen Salvat Dassance orduko auzapezak.
Hilerrian disko itxurako bost hilarri edo hilarri puska daude, bai eta antzinako gurutze baten puska bat ere. 1980. urtean, Andereseroraenean antolaketa lanak egitean hilarri puska bat agertu zen. Hilarri horiek, hilarri puska horiek eta gurutze hori «Lauburu» elkarteak zerrendatu ditu eta babesturik dira orain.