Hiriburuk 2024ko “Hiri Berreskurapena” saria irabazi du

Joan den azaroaren 25ean, Akitania Berriko Eskualdeak eta Ofizio eta Ofizialeen Ganberak (OOG) Hiriburu “Berrabiatzearen Hiria” izendatu dute ofizialki. Alain Iriart auzapezari emandako sariak elkargoak bere lurraldean daraman ofiziale enpresen berrabiatzearen aldeko ekintza eta engaiamendua sariztatzen du.

Kari horretara, L’Art de l’Espadrille enpresa izan da bereziki ohoretan ezarria, Pascale Douet eta Amandine Busiau andereek 2023. urte bukaeran eraman duten ereduzko eskualdatzeagatik.

Transmisioa eta berrabiatzea balioan ezartzea

Ofiziale enpresa bat transmititzeak edo berrabiatzeak tokiko antzeak eta aspaldi handiko zenbait tradizio begiratzeko bidea eskaintzen du, maiz lurralde baten kulturan errotuak direlarik, batez ere Akitania Berrian eta Ipar Euskal Herrian. Hori da Akitania Berriko Ofizio eta Ofizialeen Ganberak balioan ezarri nahi duena Akitania Berriko Eskualdeko “Transmisioaren – Berrabiatzearen hilabetea” eta Akitania Berriko OOGren “Berrabiatzearen Hiri eta Herriak” ekintzen bitartez.

Ildo horretatik, Hiriburu 2024ko “Berrabiatzearen Hiria” izendatua izan da eta sari bat irabazi du L’Art de l’Espadrille enpresaren ondoan.

Ondotik, mahai inguru bat eta tailerrak antolatuak izan dira La Perle aretoan, enpresa baten transmisioan edo/eta berrabiatzean interesatuak direnak bideratzeko eta laguntzeko xedez.

L’Art de l’Espadrille enpresa ohoretan

Ekitaldi horren denboran, L’Art de l’Espadrille ofiziale enpresa berrabiatu duen Amandine Busiau andereari eta enpresa bera utzi dion Pascale Douet andereari sari bat emana izan zaie ofiziale enpresa begiratzeko erakutsi duten engaiamenduagatik. 2023tik goiti, Amandine Busiau hiriaren bihotzean kokatua den enpresa horren nagusia da. Transmisio horrek tokiko antzea zaintzea ahalbidetzen du, Hiriburuko hiria horri atxikia delarik.

“Galtzear den lanbide bat transmititzea lortzeaz pozten naiz” dio Pascale Douet L’Art de l’Espadrille enpresaren nagusi ohiak.