Hiriburuko kirol anitzeko Ainhara elkartea: Hiriburuko elkarte bizitzaren eragile nagusi baten emaitzak eta egitasmoak

1 200 kide biltzen eta herriko hamar bat azpiegitura edo eraikin baliatzen; Hiriburuko kirol anitzeko Ainhara elkarteak pisu handia du tokiko elkarte-egituran eta abenduaren 14an antolatutako urteko biltzarra emaitzak biltzeko eta trukatzeko aukera izan da.

Thomas Poilvé lehendakariak elkartearen bizkortasuna gogorarazi du, urteroko hitzordu historikoek markaturik: Maiatz lorearen lasterketa, Pintxo gaua eta urriko gaualdi alaituak, kideak elkarretaratzeko eta dirua biltzeko aukera, sailetan berriz banatuak edo materiala erosteko baliatuak direlarik; HA Omnisports elkarteak 12 sailetan banatzen duen 23 000 euroko herriko diru laguntza osatzen dute diru sartze horiek.

Igurikatutako hitzorduak

Laurence Delplang idazkariak ere hitzordu horiek aipatu ditu: “2024an bere 40 urteak ospatu dituen Maiatz lorearen lasterketa ilundu zuen eguraldi txarrak. Urteko beste hitzorduei dagokienez, arras ongi iragan dira eta diru sartze ederrak biltzeko aukera izan dira.”

Ondotik, 12 sailetako lehendakariek hitza hartu dute bata bestearen ondotik, urteko berri nagusiak aipatzeko, bakoitzak bere sailari buruz; sail guzietan, bizitasuna eta bizkortasuna nagusitzen da, gehienek kide kopuru gorena edo kasik biltzen dutelarik.

Elkarte bizitzaren ardura duen Marie Pérès axuantak lagundurik, Alain Iriart auzapezak urteko emaitzak osatu ditu, “sei zenbakiko” herriko laguntza azpimarratuz, herriak elkarte egiturari esleitutako sustenguaren egiazko kostua 332 000€ ingurukoa izan delarik 2024an (233 000€koa 2023an). Gastu horien artean dira argindarra, ura eta abarrei lotutako gastuak, laguntza logistikoa edo inbestimenduak hala nola ezker paretaren frontisa berritzea (27 000€) edota edantegi bat eta biltegi bat sortzea zango baloi zelaian.

Kirola eta kultura sustatzea

Haatik, lehen hautetsiak tokiko elkarte egitura goretsi du, 2 200 lizentziadun zenbatzen dituelarik, HA kirol anitzeko elkartekideak, Hiriburuko Tenis elkartea, Leinua, Evidanse eta beste gehitzen ditugularik. Diru, logistika eta gizaki mailako herriko laguntza ere berretsi du, lokalak elkarteen esku utziz urririk adibidez.

Kirola bezala, Alain Iriart jaunak denei irekitako eta urririkako kultur baten xedea berriz adierazi du; asmo hori Lizaga mediatekaren irekitzearekin gauzatuko da 2025eko irailean, libreki eta urririk helgarri izanen delarik.