HIRIBURUKO ESKOLA JANTEGIA : KALIKATEZKO EKOIZPEN ETA ZIRKUITU LABURRAK LEHENESTEAREN NAHIA

Joan den ekainean, Hiriburu herriak abiatu zuen eskola jantegirako eskaintza deialdiari bi enpresak erantzun zioten. Hautagaitza horiek arretaz aztertu ondotik, haurrei kalitatezko elikadura proposatu eta laborantza herrikoia babestu nahi dituen gure herriak Bertakoa enpresaren hautagaitza atxiki zuen. Iparraldean berrikitan kokatu den enpresa horrek kalitatezko ekoizpen eta zirkuitu laburrak lehenesten ditu. Enpresaren partzuer diren tokiko ekoizleen zerrenda luzeak hautu hori nabarmentzen du. Gainera, Euskal Herriko laborantza ganbarak proiektu hori sustengatzen du partaide gisa.

Enpresak finkatutako menuen prezioak aitzineko hornitzailearenak baino karioagoak direla eta, herriak emendatze horren bi herenak bere gain hartzea erabaki du, holako tokiko aktore ekonomiko bat sustatzea biziki garrantzitsua iruditu baitzaio. Horrez gain, horrela familiak laguntzen ditu.

Argibide gisa, eskola pribatuek ere (Doni Petri eskola giristinoa eta Ametza ikastola) Bertakoa enpresa hautatu dute. Orotara, egunero, Hiriburuko lau eskoletako 400 haur baino gehiagok jantegian bazkaltzen dute batez-bestean.

Duela urte andana bat, Hiriburuko herriak jantegi batzordea plantan ezarri zuen, hezkuntzaz arduratzen den auzapezordearen gidaritzapean. Eskoletako zuzendari, gurasoen ordezkari, herriko langile eta hautetsiek osaturik, oporrak aitzineko astean biltzen da lehenik aitzineko garaian zerbitzatutako menuen bilana egiteko eta ondotik ondoko garaikoak aztertzeko. Ikasturte honen lehen bilkuran, partaide guziek (gurasoek, langileek, hautetsiek…) bat egin dute menuak kalitatezkoak direla eta haurrei gustatzen zaizkiela azpimarratzeko.

Egun, Hiriburuko herriak jantegi batzordearen partaide guziak Ourouspoure eskola publikoaren jantokira gomitatzen ditu, haiek ere Bertakoak haurrei proposatzen dien menu baten kalitatea preza dezaten. Hori egitea aste honetan erabaki du, asteburu honetan EHLG elkarteak Lurrama erakustazoka antolatzen baitu eta hautetsioi zentzuzkoa iruditu zaigu mementu honetan gure hautuaren inguruan komunikatzea.

Bestalde, Hiriburuko herriak, bere eskola denboraldi inguruko zerbitzuaren bidez, jantokiari lotutako aktibitateak haurrei proposatu nahi dizkie  : elikadura xahutzearen inguruko sensibilizazioa, gustu hezkuntza…

Les membres de la commission “Restauration scolaire” ont pu apprécier la qualité des menus proposés