2023ko urtarrilaren 1az geroztik, Ipar Euskal Herriak urrats berri bat emanen du lurralde osoan bilketa selektiboaren inguruan: bereizketa manuak hedatuko dira estalki eta paper guzietara, hondakinen ingurumen-eragina murrizteko, hauek ahal bezain bat bereiziz. Helburua da, bilketa selektiboan 93 kilotik 100 kilora pasatzea biztanleka.
Estalkien eta paperen bereizketa sinplifikatuko da 2023an. Urtarrilaren 1az geroztik, etxeko estalki eta paper guziak elkarrekin bereizten dira eta nahas-mahas botatzekoak dira gurpildun edukiontzietan edo edukiontzietan, zainduz ongi hustuak direla eta bata bestearekin ez direla lotuak.
Lehenago etxe-hondakinekin botatzen ziren estalki berri batzuk eta metalezko hondakin tipi batzuk bereizten ahal dira: plastikozko zakuak eta zakutxoak, janari ontzixkak, janari mintzak, jogurt ontziak, esne-gain gordin ontziak, maionesa eta hortz-pasta hodiak, kafe kapsulak, metalezko ontzien eta berinazko ontzien tapakiak, erremedio tableta hutsak…
Berinazko estalkiak (botilak, ontziak, flaskoak, berinazko ontziak) aparte bereiziko diren ekai bakarrak dira, usaiako edukiontzietan utziz. Salbu, haien plastikozko edo metalezko tapoiak eta estalkiak zikinontzi horian bereiztekoak dira!
Bukatzeko, konpostaketari esker, biohondakinak etxe hondakinen zikinontzietatik ken daitezke, zikinontzia arintzeko!
Asmo handiko helburu horiek lortzeko, Euskal Elkargoak, lurraldeko herriko etxeekin batera, 14 milio euro inguruko inbertsio-lan handia eramaten ari da 2022 eta 2023 urteetarako. Eta Euskal Elkargoak daramatzan Bilketa-inbertsio horiek, Bil Ta Garbi Sindikatuak osatzen ditu, paper-estalkien bereizketa prozesua berreraikiko baitu Baionako Canopian, 15.5 M€ inguruko inbertsio gehigarriarekin, estalki berri horiek bereizteko eta balorizatzeko xedearekin.