
Garai berri bat dator hiriko adinekoen Bethi Gazte elkartearentzat. Joan den martxoaren 22an iragan den biltzar nagusiak bulegoaren aldaketa finkatu du, Daniel Caplanne delarik lehendakari berria.
Azken urteetan elkartea kudeatu duen Jean-Pierre Vincent jauna azkarki engaiatu zen lan horretan. Gaur lekukoa pasatu du, beste bulego kide batzuekin batera: hainbat urtetan diruzaina izan den Pascale Ithurraldek finantzen kudeaketaren ardura utzi dio Juliette Lamothe andereari, Dany Fabas idazkariak lagundurik.
Biltzar nagusiak 121 kideetarik anitz bildu ditu. Biltzarra kudeatu duen Aña Idiart lehendakariordeak eta Alain Iriart auzapezak ezin etorri zirenak eta urtean zendu direnak agurtu dituzte. Asteko jarduerez gain, hala nola ibilketa, karta jokoak eta sortze-jostetak, ekitaldi ugari antolatuak izan dira 2024an: betiko sagarnotegirako eta usoen garaiko ateraldiak; bisitak eta atsedenaldi gormantak ere arrakastatsuak izan dira Bastidan eta Hazparnealdean, edota Loirako jauregien aldean, joan den urrian.
Sagarnotegirako bazkaria berriz antolatua izanen da ondoko apirilean baita beste ateraldi bat ere, Baxenabarren, udazkenean. Bestalde, bulegoa ateraldi berri batzuk apailatzen ari da: Artouste hirian egun bateko ateraldia uda hastapenena, edo Proventza aldean urrian. Elkarte kideei bere sustengua berretsiz, Alain Iriart auzapezak kargutan ziren kideak agurtu ditu haien engaiamendua txalotuz. Gizarte lotura eta lagun arteko giroa garatzeko, Bethi Gazte bezalako elkarteen beharra dugula oroitarazi du.