Office64 de l’Habitat erakundeak bero ponpak jarri ditu Harretxe auzoan

Zeru urdin baten azpian, Hiriburuko Hiriak eta Office64 de l’Habitat erakundeak Hilderal anderearen eta André jaunaren etxeko bero ponpa berria ikusi ahal izan dute otsail hastapenean. Office64 erakundeak du etxetoa kudeatzen.

Zenbait eraikin kolektibotan eta 16 etxetotan banatutako 75 bizitegik osatzen dute 1986an eraikitako Harretxe auzoa programa.

2024an, bere alokatzaileen bizi ingurumena hobetzeko lan jarraikiaren harira, Office64 erakundeak bero ponpak jartzean inbestitu zuen, jadanik zeuden galdarak ordezkatzeko.

Office64 erakundeak etxe multzoen deskarbonatzean eta trantsizio energetikoan garatzen duen ildotik doa kanpaina hori, eta Hiriak daraman trantsizio ekologiko eta energetikoaren planarekin bat dator arrunt, hiria “trantsizio ekologikoan eta bizi ingurumenaren etengabeko hobetzean” errotzeko xedea duelarik.

Alain Iriart Hiriko auzapezak Hiriburu eta Office64 de l’Habitat erakundearen arteko lankidetza azpimarratu nahi izan du: “Argi erran behar da gure partaideekin gauzak ongi doazelarik, eta gauzaturiko ekintzak baliagarri zaizkielarik gure biztanleei”. Claude Olive Office64 de l’Habitat erakundearen lehendakariak ere une bat hartu du tokiko biztanleen egunerokotasuna hobetzeko denek egin dituzten indarrak txalotzeko

Biztanleen karbono kostua eta kostu energetikoa murrizten duen muntadura.

Programa bakarkako 16 etxetoen galdarak bero ponpez ordezkatzean datza. Zerbitzu bikoitzeko bero ponpak bizitegien garajeetan jarriak dira, eta jadanik dagoen berokuntza sarea baliatzen dute. Bi funtzio betetzen dituzte: hasteko berogailu funtzioa betetzen dute, eta, horrez gain, garbitzeko ur beroa ekoizten dute.

2025eko urtarrilean bukatu diren obrek bi hilabete iraun dituzte, eta 195 000€ kostatu dituzte orotara. Sistema berri horiei esker, erosotasun termiko hobe bat bermatua zaie biztanleei, eta bizitegien karbono kostua murriztua da energia berriztagarriak erabiltzen baitituzte. Etxeto bakoitzaren eraginkortasun energetikoaren hobetzea “C” mailara heltzen da orain, eta karbono kostuaren murriztea urtean 38 kg/m2-tik 3 kg/m2-ra jaisten da. Horrek ondorio baikorra ere izanen du alokatzaileen energia fakturetan.

Gaur egun, Office64 de l’Habitat erakundeak alokatzeko 427 bizitegi sozial kudeatzen ditu Hiriburun, hots hiriko bizitegi sozial multzoaren %74, 575 direlarik orotara (2025/01/01ean).